Zornotzako Andramari ikastolan irakasleen eta gurasoen artean hezten ditugu umeak eta gazteak. 1960ko hamarkadaren erdialdean sortu genuen Andramari, eta 1972az geroztik gurasoen kooperatiba gara. Gertutasunaren babesa eta ikasle bakoitzarenganako konfiantza ditugu oinarri, bihar-etziko zornotzarrak euskaldun osoak, bikain prestatuak, kritikoak eta euren buruarekin zein inguruarekin arduratsuak izan daitezen.
Ikastolen Europar Kooperatibaren barruan dago Andramari. Ikastolen mugimendua aitzindaria da Euskal Herri osoko hezkuntzaren garapenean, mende erditik gorako ibilbidean. Euskal curriculuma lantzeko pedagogia eta metodologia propioa sortzen, erabiltzen eta berritzen dihardugu etengabe. Ziklo bakoitzerako geure materiala ez ezik, hizkuntza, aniztasuna, hezkidetza, teknologia, aisialdia eta bizimodu osasungarria lantzeko egitasmo berritzaileak ere badaramatzagu aurrera.
Hezkuntza proiektu euskaldun eta aurrerakoi horren baitan, Andramarin irakasle talde egonkorra daukagu 0 urtetik 18ra bitarteko heziketa eskaintzen: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza Zornotzan bertan, eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketa Durangoko Ibaizabal ikastolan.
Ikastolak herritik sortuak eta herriarentzat eginak dira. Auzolana dugu oinarri: gure helburuak lortzeko baliabide eta gutako guztion lanerako eredu. Andramarin etorkizuneko zornotzarrak hezten gabiltza: Zornotza euskalduna, prestatua, garaian garaikoa eta munduarekin arduratsua izan dadin egiten dugu lan. Eta ikastola barruan dihardugun jarrera berberarekin, herrian ere hainbat egitasmotan parte hartzen dugu beste herritar eta eragile batzuekin elkarlanean.