ZAINTZEN PEDAGOGIAK, GORPUTZ, EMOZIO, KOGNIZIO ETA ERLAZIOEN ALDEA INTEGRATZEA SUSTATZEN DU
Integrazio hori behar dugu errespetuz, konfiantzaz eta osotasunez erlazionatzeko. Gaur egun, korronte pedagogiko asko saiatzen dira pertsonaren lau maila horiek bateratzen, hazi eta heldutasunera iritsi ahal izateko. Zaintzen Pedagogia ere horretan ahalegintzen da.
Gorputza
Zaintzen Pedagogiak hezkuntzaren eta pertsonaren ikuspegi holistikoa aurkezten digu. Garena izan ahal izateko gure burua zaintzeak eskatzen du gure burua garen horretan osotasunean onartzea. Hezur-haragizko izakiak, izaki gorpuzdunak beste gorputz batzuen erdian, izate material kontziente bat partekatzen, energia-trukeko harremanetan, hori baita bizitzak daukan forma. Horrenbestez, hezkuntzak ezin du bere planteamenduan gorputza alde batera utzi. Hezkuntzako lehen mailetan, bereziki Haur Hezkuntzan, argiago dago, baina prozesuak aurrera egin ahala, gorputza garrantzia galtzen doa eta adimenarekin loturiko jarduerak lehenesten dira.
Goi-mailako hezkuntzak baztertu egiten du gorputza heziketarako lekua izan daitekeenik. Nolabait hezkuntza ez-formalean berreskura dezakegu gorputzaren alderdi hori, jolasarekin edo adierazkortasunarekin loturiko metodologiak proposatzen ditugunean. Baina edozein dela ere gure hezteko modua, kontuan izan behar dugu gorputza, gorputz-kontzientzia eta gorputz-harremana zaintzaren osagai modura.